Orriko edukiaren hasierara salto egin.
-n zaude

Errusiera ikasteko teknika

Ikasle heldu baten kontakizuna da; ezberdina eta batzuetan dibertigarria. Eguneroko bizitzarekin batera Errusiera ikasteko zaletasuna nola konbinatu zuen kontatu digu. Konstantzia eta sorkuntza gaitasun handiak erakutsi zituen, ikasteko motibazioak bultzatuta.

Gure etxaldeko abereak eta nire familia zaintzen ematen ditut egunak. Sei haur ditut eta zazpigarrena ekarriko dut laster.

Beti gustatu izan zaizkit artea eta kultura, eta zaldiak hazi eta trebatzea. Azkenean arabiar motako zaldi odolgarbia erosi nuen, jatorri errusiarra zuena. Zaldia perfektua zen erabat eta liluratu egin ninduen. Hala, Arabiako zaldiei buruz guzti-guztia jakin nahi izan nuen.

Finlandiako Arabiako zaldien elkarteko batzordekide izendatu nindutenean, Errusiatik Arabiako zaldi odolgarbi bat ekartzearekin ametsetan hasi nintzen. Eskolan ingelesa, suediera eta alemana ikasi nituen, bana errusieraz ez nekien hitz bakar bat ere.

Herri txiki batean bizi naiz, eta ikasteko aukerak eta hizkuntzak ikastearen inguruko jarrerak ez dira oso onak. Hala ere, nire familiarteko batek errusiera ikasi zuen helduen hezkuntzako institutuan, eta hara joatera animatu ninduen. Hasieran oso gogorra izan zen. Alfabetua azkar ikasi genuen, baina hizkuntzaren egiturak zaila ematen zuen. Gainera, beste hizkuntzak ez ziren lagungarri. Baina tematu egin nintzen. Adibidez, abeltegian errusierazko hitzak idatzi ohi nituen arbelean. Behien izenak alfabetu zirilikoa erabiliz idatzi nituen eta animaliak errusieraz agurtzen nituen; goizero eta arratsaldero.

Errusierako eskoletan pixka bat lekuz kanpo sentitu nintzen batzuetan. Taldean asko ikasitako jendea zegoen; nik askotan ez nuen nahikoa denbora izaten etxeko lanak behar bezala egiteko, eta tarteka ezin izaten nintzen eskolara joan, haurrak edo animaliak gaixotzen zirenean edo makinaren bat justu eskolara joan behar nuenean hondatzen zenean. Batzutan zalantzan jartzen nuen zaletasun harekin jarraitzea ongi ote zegoen.

Hala ere, berehala ohartu nintzen arazoa ez zela nire egoera, nire ohiturak baizik: ezin nuen denbora libre asko eduki, eta beraz, irtenbide bakarra nire denbora hobeto antolatzea zen. Nire planak izen hauxe izan zezakeen: “Errusiera nonahi eta noiznahi”, eta benetan laguntzen zuen! Liburuak mahai gainean uzten nituen beti, libre nengoen guztietan prest egon zitezen. Haurrak eskolaz kanpoko ekintzetara eramaten nituenean liburua poltsatik atera eta irakurtzen hasten nintzen. Hondartzara joaten ginenean, eguzkiarekin gozatzen nuen bitartean hiztegian begiratu eta errusierazko eleberri bat irakurtzen saiatzen nintzen. Nire hiztegia hobetu dut eta ez naiz gehiago lotsatzen eskolako kideekin.

Izugarri interesatzen zait Errusiako kultura osoa: Errusiako errezetak egiten ditut, telebistan Errusiako saioak ikusi; Errusiako berriak entzuten ditut eta ahal ditudan artikulu guztiak irakurtzen ditut Errusia modernoaren inguruan. Hainbat aldizkari erosten ditut Errusiako zaldien inguruan, eta harrituta gelditu nintzen han jartzen zuena ulertzen nuela ohartzean!

Orain amatasun-baja daukat. Errusierazko eleberri bat, gramatika liburu bat eta hortzetako eskuila hartu ditut ospitalera eramateko. Etengabe saiatzen naiz nire ametsa egia bihurtzen, poliki-poliki, irmotasunez eta apaltasunez.

Istorio honek ideia on asko ematen dizkigu oztopoak gainditzeko hizkuntzak ikastean. Irakurri nahi al duzu aholku gehiago denbora gutxi duzunerako? Jarduna eta ikasketa aldi berean egiten ditu; hori al da zure ikasteko estiloa ?

[ gora ]
Izan ezazu gure berri honako hauetan:
facebook Facebooktwitter Twitter